Inicio de sesión

PostHeaderIcon ‘Ekiten’ ekintzailetzako programaren enpresa-proiektu onenen sariak banatu dituzte

Aurten lehiaketaren VI. edizioa izan da. Hori hiru kategoriatan banatuta dago: Enpresa Ideia Berriak; Landa Ingurunea Garatzeko Ideia eta Proiektuena; eta Gazteria, Aisia eta Kirol Ideien III. Lehiaketa.

Proiektu bideragarrienak, eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak. Horiexek dira Mondragon Unibertsitateko “Ekiten” ekintzailetza-programaren epaimahaiak 2011-2012 edizioko irabazleak aukeratzean kontuan hartu dituen premisak. Guztira 154 ikaslek hartu dute parte, 48 proiekturen bidez. Halatan bada, zabor poltsetan barra-kodeak ezartzeko proiektu batek (Enpresa Ideia Berrien Lehiaketa), baserriko produktuak sustatzeko ekimen batek (Landa Ingurunearen Garapena), eta turismo birtualeko esperientzia batek (Gazteria, Aisia eta Kirola) eskuratu dituzte hiru kategorietako lehen sariak.

Lehiaketa urtez urte indartuz doa, eta ikasleengan ekintzailetzaren kultura txertatzea du helburu, baita ikasleek euren enpresak sortzea eta negozio berriak abian jartzea ere, ingurunea garatzen laguntzeko. Lehiaketa duela sei urte eratu zen kategoria bakar batekin, eta aurten Gaztempresak bultzatutako Enpresa Ideia Berrien Lehiaketaren VI. edizioa; Debagoienako eta Debabarrenako landa-garapenerako agentziek babestutako Landa Ingurunea Garatzeko Ideien eta Proiektuen Lehiaketaren IV. edizioa; eta Kimu Berrik babestutako Gazteria, Aisia eta Kirol Ideien Lehiaketaren III. edizioa izan ditugu. Izan ere, unibertsitatea eratu zen unetik bertatik indar berezia jarri baitu ekintzailetzan, hainbat helburu batean biltzeko: Berrikuntzaren kultura sustatuz eta sormena bultzatuz, enplegua sortzea eta lehiakortasuna hobetzea; autoenplegua eta ekimen berriak indartzea; eta diziplina arteko lan-taldeak bultzatzea.

Gaur zortzi talderi banatu zaizkie sariak: bi kategoriatako hiru talderi, eta beste kategoria bateko bi talderi, izan ere, horietako batean hirugarren saria bete gabe gelditu da. Kategoria bakoitzean, lehen saria irabazi duen taldeak 1.000 euro eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren sariak irabazi dituzten taldeek, berriz, 500 euro talde bakoitzak.

Aurkezturiko proiektuak ebaluatzeko irizpideak honako hauek izan dira: ideia horrek aberastasuna eta enplegua sortzeko izango duen inpaktua; proposamenaren bideragarritasuna; lan-taldearen diziplina artekotasuna, eta ideiaren originaltasuna eta izaera berritzailea.

Gazteria, Aisia eta Kirol Ideien III. Lehiaketa

Egin turismoa, etxean kirola egiten duzun bitartean. Izen hori du Alexander Salorrek, Ingeniaritza Informatikoko ikasleak, Gazteria, Aisia eta Kirola kategoriako lehiaketako lehen saria eskuratzeko aurkezturiko proiektuak.  Asmoa zera da: turismo birtualeko esperientzia berritzailea baten bidez, indoor kirolaria entretenituko duen produktua diseinatzea. Zerbitzu horren bidez, eta Googlen Gmpas APIaren informazioa erabiliz (koordenadak ez ezik, altuera eta abar ere agertzen baitira), benetako ibilbideak egin ahalko dira fitness makina batean. Ibilbideetan aurrera egin ahala, zeharkatzen ditugun lekuetako irudiak, bideoak, argazkiak, informazioa... bistaratu ahalko da.

 

g1 (id: 9566904) Alexander Salor.

 

Telekomunikazioetako Ingeniaritzako lau ikaslek, Markel Ansoateguik, Unai Blancok, Dani Maestrok eta Ibai Sarasolak garatu dute Gazteria, Aisia eta Kirol arloko kategorian bigarren saria eskuratu duen GroupSportView ideia. Samartphonen bidez (GPSa eta mapak) taldean erabiltzeko eta unean-unean taldekide guztien kokapena jakiteko geokokapenerako aplikazio bat garatzen duen enpresa da.

GroupSportViewren produktu nagusia BpIKE da. Zehazki, txirrindulariei zuzendutako aplikazioa bat da, talde bateko txirrindularien arteko denbora-tarteak eskaintzen dituena, telebistan bezala.

 

g2 (id: 9598122) Markel Ansoategui, Unai Blanco, Dani Maestro eta Ibai Sarasola.

 

Hirugarren saria Community DJ-Erreprodukzio Zerrenda Komunitarioak eskuratu du, eta lau ikasleren eskutik etorri da: Unai Ulibarri (Mekanikako Gradua), Asier Goikoetxea (Berrikuntzako eta Proiektuen Kudeaketako Masterra), Mikeldi Latorre (Ingeniaritza Informatikoa) eta Lander Balza (Produktuen eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterra). Taberna, diskoteka, pub eta abarretako bezeroek partekatuko duten mugikorreko aplikazioa da, DJ Birtual bat kontrolatuko duena. Aplikazioa tokian-tokian kudeatuko da, wifi P2P teknologia bidez eta, berari esker, lokal horretan dauden bezeroek erabakiko dute zer musika izango den une bakoitzean. Abestiak hautatzeko, bezeroek euren proposamenak egin eta bozketa bidez erabakiko dira. Hartara, partekatutako erreprodukzio-zerrenda osatuko dute guztien artean.

 

g3 (id: 9670436)Unai Ulibarri, Asier Goikoetxea, Mikeldi Latorre eta Lander Balza.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg